"Liburuz Liburu", liburutegiko euskarazko irakurketa-taldeak, beste irakurketa-klubek bezala, jarduteko era egokitu behar izan du urrutitik bildu ahal izateko konfinamenduak hala aginduta.
“Liburuz liburu”, la tertulia en euskera de la biblioteca, al igual que otros clubes de lectura, ha adaptado su modo de funcionar para juntarse a distancia debido al confinamiento.
Gauzak horrela, pasa den maiatzaren 13an estatu alarma egoera zela eta martxoan programatutako hitzordua berreskuratu ahal izan genuen Jitsi Meet plataformaren bitartez, ohi bezala, Ángel Errok koordinatuta.
Mahai gainean Lidia Txukovskaia-ren Sofia Petrovna, “Barruko gerrak” izeneko irakurketa-zikloa ixten zuena eta, aurreko hilabeteetako beste bi irakurgaiekin batera (urtarrilaren 28an, Mikel Peruarenaren Su zelaiak eta otsailaren 25ean, Leslie Feinberb-en Mari-mutil handi baten bluesa) aurtengo ikasturtea amaitutzat joko duena.
“Sobietar hiritar arrunt baten istorioa kontatzen du Sofia Petrovna (Katakrak) nobelak. Mediku baten alarguna eta seme ingeniari baten ama da protagonista, eta hiritar eredugarri baten kontrako jazarpen kasu bat du ardatz, amaren ikuspegitik kontatuta. San Petersburgo, Iosif Stalin eta Terrore Handia. Horiek guztiak ageri dira, baina ez da horiei buruzko lan bat, edo ez behintzat horiei buruzkoa bakarrik.” Miren Garate Berria egunkarian.
Hitzordu berezi eta ez-ohiko horretan zazpi kide bildu izan ginen eta, egoerak bultzatuta, kortesiazko galderak egin ondoren Sofia Petrovnari ekin genion.
Hasteko eta istorioa testuinguruan jartzeko, Terrore Handiaren garaian idatzitako liburua dela azpimarratu zen eta, horretaz gain, handik gutxira argitaratu zela. Beraz Katakrak argitaletxeak egindako aitzinsolasean esaten den moduan “Garaikidea den eleberri bakarra ez bada bakarretakoa izango da”. Hori da dituen askoren artean liburuaren meritu bat.
Jarrai dezagun saioan agertutako mintzagai batzuekin. Besteak beste, Sofia, protagonistaren izaera, askoren ustez inozenteegia, xaloegia nolabait nobelan kontatzen den historiaren pasarte latza kontuan hartuta.
Izaerak izaera, hala ere, Kolia preso hartzen dutenean, Sofiaren amesgaiztoa hasiko da. Ordura arte bizi zen mundua (argitaletxeko lanarena, Nataxarekin konpartitutako filmak eta te kikararena, irratiko musikarena...) desagertzen hasiko da, beste mundu batean (janaria erosteko eta biltzeko obsesioarenean, semeari dirua bidaltzeko ilararenean eta burokrazia hotzarenean) murgiltzeko.
Pertsonaien arteko harremanak ere nabarmendu ziren, batez ere,Sofiak Kolia, semearekin eta Nataxa lankidearekin dituenak.
Ordu eta erdiko saioak gai eta iritzi eta hausnarketa askorako eman zigun, baina gehiago ez luzatzearren, bukatuko dugu saioan aipatutako zenbait libururekin eta film batekin. Zinez interesgarriak izango zaizkizuelakoan.
- El vértigo (Within the Whirlwind). Zuz.: Marleen Gorris. Alemania, 2009 (El vértigo. Galaxia Gutemberg, 2005. Eugenia Ginzburg-en autobiografian oinarrituta). Sakatu hemen filma ikusteko.
- Lidia Chukóvskaia. Inmersión, un sendero en la nieve. Errata Naturae, 2017.
- Slavenka Drakulic; Amaia Apaulaza (itz.) Han ez banengo bezala. Pasazaite, 2018.
Hurrengo saioa “Teletertulia portátil” · “Urrutiko tertulia eramangarria” zikloaren barnean izango da.
Koordinatzailea: Ángel Erro
Koordinatzailea: Ángel Erro
Irakurgaia*: Roaming. Ibon Larrazabal. Booktegi, 2020
Data: Ekainaren 16an, arratsaldeko 18:00etan
Elkartzeko plataforma: Jitsi Meet
*Konfinamendua dela eta, aukeratutako irakurgaia interneten eskuragarri dago Booktegi atarian, zenbait formatutan (epub, pdf, mobi, zip). Deskargatzeko esteka:
Comentarios
Publicar un comentario